posta elektronikoa

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Terminologia eta hizkuntza zalantzak?
 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Bilatu


Hiru isun


Ez dit inork sinetsiko, ezta zuk ere, baina halaxe izan zen, zin degizut!

Donostiatik Zumarragara hiru isun, dominus vobis cum...!

Lotsagarria!

Are lotsagarriagoa irudituko zaizu, gertatutakoaren inguruko datuak ematen dizkizudanean...

Eta bukaera, bukaera batez ere.

Bezperan hasi zen guztia, telefono dei goiztiar harekin:

—Iturri jauna? —esan zidan telefonoz bestaldeko ahotsak.

—Bai —erantzun nion.

—Hara. Iker Unzueta naiz, Zumarragako HITS eta FITS Kultur taldeko kidea, eta deitzen nizun zera esateko, bihar —osteguna—, arratsaldeko 7etan, X. X. jauna etortzekoa zela hitzaldi bat ematera, baina Bartzelonatik abisatu digula ezin etorri dela, Milanera joan behar duelako ustegabean, hizkuntza erromanikoei buruzko ez dakit zer kongresutara... Eta horrekin batera esan digu on izango litzatekeela hitzaldirik ez atzeratzea, glotodidaktikari buruzko gaietan zu bera baino jakintsuagotzat zaituenez, eta ea zuk bihar...

Hain bat-batean izan zen dena, non hasieran ezetz esatea pentsatu bainuen, baina Bartzelonako unibertsitatean irakasle zegoen X. X. euskaltzain ezagunak bera baino jakintsuagotzat ninduelako hura entzun nuenean, guztiz ohoratua sentitu eta, ohoreari men eginez —ohoreari edo harrokeriari...?—, baietz erantzutea bururatu zitzaidan...

Are gehiago bestaldeko ahotsak esan zidanean:

—Ehun mila pezeta kobratuko zenituzke hitzaldia emateagatik.

Bertatik ezagutzen nauenak bai baitaki ez naizela Rothschildarren leinukoa eta itzulpen lanak ez baitira behar bezala ordaintzen... irakaskuntza bazter utzi nuenetik, horixe baita nire gaur egungo lana: hori, eta aldian behin EGAko epaimahaietan egotea.

EGAko horretan gogor fama daukat, baina analfabetismoa belar gaiztoa da, eta belar gaiztoarekin badakizu zer egin behar den: moztu eta zokora.

Egia da nire jarrera horrengatik anonimo bat baino gehiago iritsi izan zaidala, eta horrek gauza bakarra adierazten du: belar gaiztoak izaten jarraitzen duela, baita moztuta gero ere, aurrerago ere ederki ikusi ahal izango duzunez.

Esan beharrik ez dizut, ezusteko atsegin harekin poztuta, egun osoa eman nuela hitzaldia prestatzen... gehiegi ere kostatu ez zitzaidana, bestalde, zeren eta egia baita glotodidaktikak ez duela niretzat sekreturik, emakumeek ez bezala... baina ba ote munduan emakumezkoak ezagutzen dituen gizonezkorik?

Lotsarik gabe esango dizut, estudiante nintzen garaian, nortasun agirian, lanbidea zela-eta, "" jartzeko ilusioa nuela, baina gero, karrera bukatzean, glotodidaktikari buruzko tesi doktoral hura amaitu nuenean hain zuzen ere, lanbideari lotutako ezaugarria kendu zuten karnetetatik, eta akabo.

Bai, badakit herritar bati baino gehiagori galdetuz gero zer den "glotodidaktika", dinosaurio motaren batekin nahastuko ligukeela, esperientziaz dakit hori, baina bizitzaren parke jurasikoan dudarik ez edonor izutuko litzatekeela, baldin eta izkinaren batetik dinosaurioren bat irtengo balitzaio, eta hori ez da txarra... edo beste hitzetan, zera esan nahi dizut, hitz hori edonori errespetua sortzeko modukoa dela, eta mundu honek horixe behar duela, errespetu pixka bat, hankaz gora joango ez bada...

Horregatik ez dut zalantzarik ertzaintza beharrezkoa dela, ordenarik gabe ez baitago deus egiterik... hitz egin ere ezingo genuke, esaldiak halaxe behar baitu, ulergarria izango bada: subjektua hemen, aditza hor, eta gainerako osagarriak, bakoitza bere lekuan.

Kontua da gauzak bere lekutik ateratzen direnean: egunotan, esate baterako, ertzainek, beren tiro praktiketarako, ahuntzak erabiltzen ari direlakoa zabaldu da, eta ez dut uste hori ondo dagoenik... nahiz eta txarretik ere lezio onak ikas daitezkeen... Izan ere, erdarazko "tiro al blanco" esateko "xurian jo", edo "itua jo" erabili izan ohi ditugu euskaraz, eta ez dakit zergatik, baina ez bata ez bestea ez zaizkit inoiz gustatu... Zergatik ez erabili "ahuntzari tiro"? Animorik galtzen ez badut, "Elhuyar"ekoei idatziko diet, hurrengo hiztegian kontutan izan dezaten, ikusiko dugu...

Baina bai: ahuntzekin pasa egin dira ertzainak, eta nirekin ere bai lehengoan, nahiz eta errua maila batean nirea ere izan zen, zeren eta egutegira begiratu izan banu...

Dena dela, badakizu ez naizela egutegira begira bizi den horietakoa, eta normala da, egun guztiak berdintsuak baitzaizkit niri, hemen etxean sartuta beti, entziklopedia hori itzultzen, astelehenak igande eta igandeak astelehen.

Baina ea kontatzen dizudan nola izan ziren hiru isunak.

Lehenengoa Donostiako irteerako autopistako tunelean izan zen.

Ustez argiak piztuta neramatzan, baina tunelaren azkenean ertzain bikote harekin topatu... eta haietako batek, esku eta besoen mugimendu ezin kementsuagoaz, bazterrera egiteko agindu, eta nik bazterrera egin nuen.

Agindua jaso eta bazterrera egiten nuen tarte labur hartan, oroitzen dut urduri jarri nintzela, aste hartan bertan EGUNKARIAn irakurria bainuen ez dakit zeinen gutuna, non egileak aipatzen baitzuen zer tratu eskasa hartu zuen, bide bazterrean bera geldiarazi zuten bi ertzainengandik, erdaldun hutsak biak, hizkuntza zela-eta inongo begirunerik erakutsi ez ziotenak.

Eta nik aspaldi erabaki bainuen euskaraz bizi nahi nuela geure herri honetan...

Baina nire sorpresarako aingeruen antzera mintzatzen zen ertzainarekin topatu nintzen: EGA titulua cum laude emateko modukoa bai hura... eta emakumezkoa zen gainera!

—Arratsalde on, jauna —esan zidan gozo-gozo—. Badakizu zirkulazio kodigoaren artikulu baten arabera —barkatu, otoi, zenbatgarrena den gogoratzen ez badut une honetan!—, tuneletan argiak piztu beharra dagoela, eta...

—Piztuta nekartzan nik, ordea...

—Argi bat bai, baina ez biak... zuk zeuk egiazta dezakezunez, hala nahi izanez gero...

Irten nintzen, eta arrazoi zuen...

Sekulako erretolika luzatu nion orduan, nahi gabean izan zela, hau eta hura, eta bestetik adierazi nion Zumarragan glotodidaktikari buruzko hitzaldia nuela, eta han bazterrean luze egonez gero, ez nintzatekeela ordurako iritsiko, eta...

—Gloto-zer esan duzu, Iturri jauna...? —moztu zidan neskak, eskura eman nizkion gida-baimena eta bestelako paperak aztertzen zituen bitartean.

—Glotodidaktika.

—Dinosaurioei buruzko hitzaldia, beraz... —esan zidan, ziurtasun osoz.

—Ez, emakume —eta bost minutu, bai, joango zitzaizkidan, glotodidaktika zer zen esplikatzen, hizkuntza gora eta hizkuntza behera.

Ezin nuen denbora luzeagorik galdu alabaina, eta halatan, honela esan nion:

—Ertzain anderea, ikusi duzunez, nire asmoa ez da legea haustea izan, eta zirkunstantziak kontutan izanda, eskertuko nizuke alde egiten utziko bazenit. Zin degizut bihar bertan konponduko dudala automobilak argi sisteman duen matxura hori...

—Nire eginbeharra legea betearaztea da, ordea, eta isuna jarri beharra dizut... Hala ere, jakizu nire ertzain kidea mekanikaria dela, eta nik isuna prestatzen dizudan bitartean, begiratutxo bat eman diezaiokeela berak argiari, guztiz dohainik... Zumarragatik etxera gauez itzultzerakoan, ez baitzintezke automobilarekin begi-bakar ibil...

Ez nuen, antza, ihes egiterik...

—Ez da bidezkoa —esan nion, hala ere.

—Nik baino hobeto jakin beharko zenuke, hizkuntzalaria izanik, bidean gertatzen den oro dela bidezko... —erantzun zidan berak irribarretsu.

Adarra jotzen ari zitzaidan...

Baina aurrean nuen hura emakumezkoa zen, eta emakumezkoak sekretu igarrezinak izan ohi dira beti niretzat...

Adarra jotzen ari ote zitzaidan... edo irribarre hark zeozer gehiago adierazi nahi ote zuen, zera adibidez: "Mundua ausartentzat egin zen, eta zeurea nahi banauzu, badakizu: aurrera mutila!"?

Eta irudikatu nuen ertzain emakumezko harekin abentura bat, guztiz bestelakoa, diferentea, ez eguzkia ez ilargia ezta izarrak ere abiapuntutzat zituena, baizik eta isun hura. Eta irribarre eder hura. Zergatik ez jarraitu hizketan? Banituen beste hamar minutu sobera nahi izanez gero... eta horrelako abentura batek ez zuen gutxiagorik merezi.

Eta isun haren inguruan negoziatzen hasi nintzen:

—Emakumea, gauza bat gutxienez aitortu behar didazu: ez dudala legea osorik hautsi, erdizka baizik, eta isunak ere halakoa izan beharko lukeela, legeak agintzen duenaren erdia...

Eta hamar minutu joan zitzaizkidan, eta aurrera egiten ahalegindu nintzen arren, azkenean ez nuen jakin izan aurrera ala atzera egin ote nuen, sekretuz sekretu baitzebilkidan emakume hura, eta ni sekretu haien artean galduta...

Eta behin neure burua galduta, beste hamar minutu egin nituen, eta berdin, ezin jakin aurreraka ala atzeraka ote nenbilen, beste ertzaina irribarrez zetorkidala ohartu nintzenean, erpuruarekin gorakako keinua egiten zidala.

Eta une hartantxe emakumezkoa begi keinu bat egin eta txarteltxo bat luzatu zidan, telefono zenbaki batekin.

Eta nik, beste begi-keinu bat eginez, ongi galdutzat eman nuen bertan egindako ordu erdia: hurrengo egunean, beraz, telefonoz deituko nion, isuna barkatuko zidan, eta handik aurrera...

Handik aurrera, ezer gutxi, aizu... beste ertzaina —gizonezkoa— parera etorri zitzaigunean, halaxe esan baitzidan Ebaren alaba maltzur hark:

—Trafikoko bide-laguntzako telefonoa duzu, matxura berrituko balitzaizu, lasai-lasai deitu ahal izan diezaiezun.

Lehenengo segundoan ez nion sinetsi, konplizitate osoz ari ginela uste bainuen, eta hitz haiek esan zituela beste ertzaina aurrean zuelako; bigarren segundoan, ordea, txartelari so egin eta benetan ari zela ohartu nintzen...

Hura disgustua hartu nuena...!

Eta alde, alde egin nahi izan nuen lehenbailehen handik, amorruak hartuta, amorruak baino gehiago lotsak!

Eta handik sutan irteten nintzela... hitzaldirako berandutxo nindoala antzemanik, ohi baino indartsuago sakatu nuen azeleragailua... pasa nituen ziztu bizian Andoain, Tolosa, Beasain, Ormaiztegi... harik eta, Ezkiorako bidegurutzean-edo, ez Ama Birjinarekin baina bai beste ertzain bikote batekin topatu nintzen arte.

Usoak hegohaizearekin baino ugariago baitzebiltzan ertzainak egun hartan, auskalo zergatik...!

Ez dizkizut kontatuko han izandako gorabeherak: bakarrik esango dizut, isuna jarri zidan ertzaina euskaldun berri-berria zela, eta hark halaxe esan zidala, hitz bakoitzeko pausaldi bat egiten zuela:

—Hau, ez, jauna, 1-Formulako pista, eta hortaz: Nork? Nik. Nori? Zuri. Zer? Isuna.

—Jarri, bai, baina lehenbailehen —erantzun nion, eskua belarrietan jarri ez jarri ez nekiela—, glotodidaktikari buruzko hitzaldia dut-eta Zumarragan... Eta 7ak dira, eta 7etarako behar nuen bertako Kultur Etxean...

—Glotodidaktika? —esan zidan harri eta zur—. Noiztik Zumarragan dinosaurioak...?

Txalogarria zen niretzat konprobatzea nola administrazioko funtzionariak euskalduntzen ari ziren, ertzain haren ahalegina lekuko, eta aitortzen dut beste egoera batean guztiz bestelakoa izango zela nire jokabidea, baina presa nuen nik une hartan, presa batez ere... eta halaxe adierazi nion berriro ertzain hitzontzi hari, bere hizkuntz erakustaldiari lehor baino lehorrago erantzuten saiatzen nintzen bitartean.

Eta hamar bat minuturen buruan esan zidan:

—Nork? Nik. Nori? Zuri. Zer? Agur.

Eta ertzain haiek utzi, eta aurrera egin nuen.

Eta Zumarragarako aldapa igo, eta, Zumarragan sartzean, semaforo bat gorri jarri eta gorrian pasa nuen...

Eta han udaltzain bat...

Eta beste isun bat.

Eta Zumarragako Kultur Etxeko atera iritsi eta gizon bakarra ikusi nuen: beste udaltzain bat zen...

—Iturri jauna...? —esan zidan, eta haren aurpegia ezaguna egin zitzaidan bat-batean.

—Bai...

—Berandu zatoz...

—Eta isilune baten ondoren, halaxe jarraitu zitzaidan:

—Eta alferrik...

Eta hitzik gabe nengoela, erantsi zuen:

—Ez al dakizu zer eguna den gaur?

Eta nik buruz ezetz.

Eta berak:

—Abenduaren 28a! Inoxente! Inoxente...!

Mundua gainera erori balitzait bezala sentitu nuen:

—Ez al nauzu ezagutzen? Zumarragara ezkondutako oiartzuar bat naiz, gari batean EGA tituluaren atzetik ibilitakoa. Ba al dakizu orduan EGA titulua atera izan banu, udaltzainburu izango nintzela orain eta ez udaltzain arrunt bat? Alde ederra soldadu xehe izatetik koronela izatera!

Ez nekien zer esan.

—Ez al duzu gogoratzen nola aurkeztu nintzen hiru aldiz azterketetara, eta hiruretan zuk zeuk bota ninduzun atzera ahozkoan, "zuri ikusi zattut", "zuri esan zattut", eta antzekoak esaten nituelako, oiartzuar jatorren antzera...?

Orduantxe ohartu nintzen. Alua halakoa! Bera zen, bai, Estanislao Galardi. Haren lehenengo azterketaz ez naiz oroitzen, baina bai bigarrenaz... eta hirugarrenaz batez ere.

Bi lehenengoetan suspenditu ondoren, hirugarrena ongi ikasia etorri zitzaidan.

—Primeran ikusten dizut, Iturri jauna —esan zidan, lehenengo diosalaren ondotik.

—Zeeeeer ikusten didazu: sudurra edo begia...? —zuzendu nahi izan nuen, hatza batean sudurrera eta bestean begira neramala.

—Brageta zabalik duzu... —eta barre-algaraka hasi zitzaidan.

—Etxe honetan azken egiten duenak egiten du benetan barre —esan nion, egoeraren jabe egin nintzenean—. Mintza zaitez glotodidaktikaz, dakizun guztia...

Mutu geratu zitzaidan bat-batean.

Eta suspenditu egin nuen.

Eta orain banekien, beraz, norena zen handik denbora batera jasotako eskutitz anonimoa: "Lehengoan ez dakit tontotzat edo inoxentetzat hartu ninduzun, baina egunen batean ederki erakutsiko dizut nor den inoxenteagoa...".

Eta aurrez aurre ninduen une hartan ere, Estanislao Galardi ez zegoen, ez, isilik egoteko:

—Tunelean geldiarazi zaituen emakumezko ertzaina nire emaztea da...

Begiak zabal-zabal geratu zitzaizkidan.

—Gauzak horrela, udaltzain edo ertzainen batek automobileko argia ezkutuan deskonektatu zidan, eta...

—Eta abar, eta abar —eten zidan—. Esku luzeak ditu Estanislao Galardik, bai horixe...!

Itsu-itsu erreakzionatu nuen.

—Salatu egingo zaitut! Salatu egingo zaituztet! —esan nion, oihu egin nion, oihu hura nire ezina estaltzeko beste ezertarako ez zela ohartzen nintzela.

Baina zalantzaren bat banuen, berehala argitu zizkidan guztiak Estanislaok:

—Salatu? Probarik ba al duzu ba? Zein lekukok deklaratuko du zeure alde? Eta ez kexatu, hitza ongi baino hobeto betetzen dakien gizona naiz-eta. Ehun mila pezeta agindu nizkizun telefonoz hitzaldi batengatik; zuk, berriz, hitzaldirik eman gabe ere ehun milatik gora aurreztuko dituzu, isunak hautsita gero...

Esan beharrik ez dizut haserre bizian itzuli nintzela etxera. Donostiatik Zumarragara hiru isun, dominus vobis cum...

Eta hainbestean, konforme, dirua irabazten atera bainintzen, antza...

 

Joan Mari Irigoien
Idazlea