posta elektronikoa

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Terminologia eta hizkuntza zalantzak?
 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Bilatu


Maribi eta Imanol, funtzionario


Maribiren etxean ezin zezaketen funtzionario izatea baino etorkizun hoberik imajina alabarentzat. Aita funtzionarioa zen, aitona ere izana eta txikitatik ez zuen besterik entzun etxean: "ikasi egin behar duzu eta zuzenean lortu goiko posturen bat". Ez aitak eta aitonak postu txarra zutelako, asko kosta zitzaielako onetara iristea baizik. "Behetik hasi ezkero zahartu egingo zara goraino iristerako" esaten zion aitak behin eta berriz artean alaba zertaz ari zen ulertzeko gai ez zenean. Oso ondo ulertu baino lehen barneratu zuen Maribik funtzionario izateko asmoa. Handitan zer izan nahi zuen galdetutakoan beste guztiek "astronauta, mediku, misiolari edo bonbero" esaten zuten bitartean "nik funtzionario" erantzuten zuen. Galdegileak harrituta "eta zertan egin behar duzu lan?" galdetzen bazion berak erantzun berbera ematen zuen berriro: "funtzionario". Ondo ikasia zeukan huraxe zela komeni zitzaiona eta inoiz ez zitzaion kezkarik sortu. Hasieran, tradizioa jarraitzeagatik, geroxeago, etxekoak toki txarrean ez uzteagatik eta bukaeran, bazekielako hainbestetan esan ondoren bere asmoa betetzen ez bazuen emakume frakasatu bat izango zela.

Halere, ez zuen bere buruari galderak egiten aritzeko beta handirik izan ikasten hasi zenean.

Imanolen etxean ezin zezaketen etorkizun hoberik imajina semearentzat funtzionario izatea baino. Osaba Tomas funtzionario zen eta izeba Marisa ikusi besterik ez zegoen nola bizi ziren konturatzeko. Ondo. "Merezi baino hobeto" Imanolen amaren iritziz. Izeba Marisa astero joaten zen pelukerira, lagunekin "edo beste horiekin" kafea hartzen zuen egunero eta urtean behin osaba Tomasekin kanpora joateko ohitura zuen, "urtetik urtera urrutirago, konturatzen al zarete? Zeresana emateagatik egingo dute, seguru nago". Eta hori guztia gutxi balitz, Teresita, alaba, inork espero zezakeen baino ezkontza hobea egitear zegoen, "eta ez da izango prexixo berak balio duenagatik" eta Albertito, hain gaztetatik "regla de tres ikasteko astia izan baino lehen" Diputazioan enplegatuta zegoen.

Imanolek, ordea, musikoa izan nahi zuen: tronpetazale amorratua zen erregeek umetan plastikozko berde bat oparitu ziotenetik. Hamaika aldiz damutu zitzaion amari, besterik ezin eta, traste zatar hura oparitu izana. Halere, aitak ez bezala, asko lagundu zion benetako bat erosteko orduan eta urtetan saiatu zen "lehendabizi lana eta gero musika" zirela semeari ulertarazten. Aitak, udaletxeko atezain posturako oposizio batzuen berri izan bezain pronto apuntatu egin zuen semea. Imanolek plaza atera zuen bain ez zuen etsi tronpetajole izateko asmoarekin. "Aizu, hobea da denbora tronpeta jotzen pasatzea beste gauza batzutan baino, eta gainera, bizitza guztirako lana badauka behintzat eta hori da inporta duena". Aitak badaezpada behin baino gehiagotan gogora arazten zion administrazioan sartzea zela zailena eta handik aurrera gora egitea bere kontua izango zela. "Osaba Tomas dagoen tokira iristeko asko egin beharra daukak oraindik". Inoiz ez zitzaien burutik pasa musika joaz lanpostua eskura zezakeenik. Lana gauza serioa zen.

Halere, Imanolek ez zeukan osaba Tomasen tokira iristeko batere asmorik. Zegoen tokian uste baino askoz hobeto zegoen nahi zuenean tronpeta jotzen jarraitzeko.

Kultur Etxeko liburutegian egun osoa ikasten pasa ondoren etxera abiatu zenean kristalezko atean zintzilik zegoen kartelak atentzioa eman zion Maribiri. Ez zuen karteletan erreparatzeko ohiturarik baina letra handiz "funtzionario" jartzen zuela ikusi eta antiojuak poltsikoan zeuzkanez inguratu egin zen: "Gaur tronpeta emankizun berezia areto borobilean. Tronpetajole: Imanol "Funtzionario" irakurri zuen.

Imanolen lagunen adar-jotze soil bat zenak Maribi Imanol entzutera sartzeko balio izan zuen. Maribi inoiz ez zen inguratuko tronpetajole bat entzutera ezizen hargatik izan ez balitz. Baina izenak kuriositatea piztu zion, nekatuta zegoen egun osoa liburuen gainean egin ondoren, eta emankizuna hastear zegoen. Imanolek jendaurrean egin behar zuen lehendabizikoa.

Oso urduri zegoen. Hamaika aldiz begiratu zuen aretora tronpeta eskuetan hartu aurretik: han zeuden bere lagun guztiak, Musika Eskolan ezagututako lagun ez ziren beste batzuk ere bai eta atzekaldean, lotsatuta bezala, bakarrik, liburuak ondoko aulkian uzteko intentziorik ez zuen neska gazte bat. Ikasle planta zeukan eta adi-adi zegoen Imanol noiz hasiko zain. Irribarre egin zion Imanolek bere lehendabiziko emanaldian zortea ekarriko ziola sinistuta baina neskak ez zion erantzun. Ez zuelako ikusi (antiojuak poltsikoan zeuzkan oraindik).

Oso ondo jo zuen. Pieza bat hasten zuen bakoitzean, jendartera gehiago ez begiratzea erabakita, ikasle itxura zeukan neskarekin pentsatzen zuen. Laguntzen ari zitzaion. Neska ezezagun hura han azaldu izana arrakasta izango zuen seinale zen. Seguro zegoen. Bukatutakoan haren bila luzatu zuen lehendabiziko begirada. Neska ez zen ageri, ordea.

Maribi etxean zen ordurako biharamonean ikasteko oso goiz jeiki behar zuela gogoratuta, zutitu eta areto borobiletik joan egin baitzen, sartu zenean bezala inor ez konturatzeko moduan.

Imanol ez zen gehiegi kezkatu. Komentzituta zegoen neska hari esker jo zuela inoiz baino hobeto eta bazekien gutxigorabehera non aurkituko zuen bila hasteko gogoa sartzen zitzaionean.

Biharamonean izan zen. Liburutegian zegoen, beste hainbat ikasle bezala inor baino liburu mardulagoen konpainian. Parean eseri zitzaion baina Maribi ez zen konturatu. Eztul txiki bat egin zuen Imanolek. Maribik ez zuen entzun. Eskua jarri behar izan zuen irakurtzen ari zen liburuaren gainean han zegoela jabetu zedin.

—Eskerrik asko— esan zion. Maribik ez zuen lehendabizikoan ezagutu eta ez zituen Imanolen lehen hitzak ulertu. —Inoiz baino errazago jo nuen atzo tronpeta eta badakit arrazoia: zu.

Orduan konturatu zen Maribi nor zen ikastea galerazten ari zitzaion hura.

—Funtzionarioa al zara benetan? — galdetu zion.

—Herri-langilea.

—Beno, igual dio.

—Herri-langilea gehiago gustatzen zait.

—Nahi duzun bezala. Baina hala zara, ezta?

—Tronpetajolea naiz bokazioz eta herri-langilez mozorrotzen naiz egunean ordu batzutan, bai.

—Aspalditik?

—Tropeta jotzen ikasten hasi nintzenetik.

—Aspaldi izan al zen hori?

—Jaio eta handik urte batzutara. Zu ezagutu baino gizaldi batzuk lehenago.

—Nik ere funtzionario izan nahi dut baina ez badidazu ikasten uzten...

—Kafetxo bat hartzeko gonbitea onartzen badidazu pakean utziko zaitut.

—Liburutegia ixten dutenean?

—Zain egongo naiz.

Imanoli grazia egin zion neskak tronpeta ondo jotzeari baino funtzionario izateari garrantzia gehiago emateak.

Maribi harritu egin zuen benetako funtzionario batek bera kafea hartzera gonbidatu nahi izanak.

Kafe asko pasa dira lehendabiziko hartatik. Kafe azkarrak gehienak: Maribik ikasi egin behar izan duelako urtetan eta Imanolek lana utzi gabe gero eta serioago heldu diolako tronpetari. Maribi ezagutu eta bi astetara talde batekin jotzeko gonbitea iritsi zitzaion Imanoli. Erabat sinistuta dago Maribik zorte ona ekartzen diola lehendabiziko emanaldi hartan areto borobilaren atzekaldean ikusi zuenetik. Askotan eskatzen dio gaur egun ere, emanaldi berezi bat dutenean, entzutera joateko. Maribi joaten da, liburuak eskutan hartuta beti. Aspaldian lortu zuen plaza Kultura sailean baina ikasten jarraitzen du barne-promoziorako aukerarik ez galtzeko.

Dozena bat urte daramate ezkonduta ezkontza eguna bi aldiz atzeratu behar izan zuten arren. Lehendabizikoz Maribiri egun batetik bestera azterketa garrantzitsu bat jarri ziotelako ezkontza eguna izan behar zuenaren biharamunean. Bigarren aldiz Imanolen taldeari kontratu interesgarri bat eskaini ziotelako ezkontza egunaren bezperan hasita hilabete osoan aretorik ezagunenetako batean jotzeko. Bai Maribiren familia eta bai Imanolena etsitzen hasita zeudenean, hirugarrenean, ezkondu ziren.

Lehendabiziko urtetan eztabaida dezente izan zuten, batez ere, Maribik ezin zuelako onartu Imanol, gehiago saiatu gabe, bere lanpostuarekin konforme egotea.

—Hemendik oso gutxira promozio azterketa bat izango dela esan didate. Izena eman?

—Ez.

—Saiatuko bazina zuretzat izango litzateke.

—Tronpetarekin nahikoa daukat.

—Atezain izan nahi al duzu bizitza guztian?

—Zergatik ez?

—Administrazioak nahi adina aukera eskaintzen dizkizulako.

—Hitzegingo dugu beste batean, maitea. Ensaiatzeko zain dauzkat orain. Emaidazu muxu bat. Zorte ona ekartzen duten horietakoa...

Gero eta gutxiago eztabaidatzen dute. Maribik goiz guztia lanean egiten du eta arratsaldea, etxean, ikasten.

Imanolek goiz guztia lotan egiten du eta arratsaldea ensaiatzen. Ezkondu eta oso gutxira gaueko txanda eskatu zuen eguna tronpetarekin hobeto aprobetxatzeko. Segituan eman zioten. Asteburuetan han edo hemen jotzen du taldearekin.

Gaur bertan urruti xamar dute emanaldia eta Maribi inoiz baino goizago oheratu da. Une batez begiak itxita Imanolen irudia etorri zaio burura. Malko bat irten zaio begi ertzetik. Oso harro dago lortu duenaz. Funtzionarioa da —herri-langilea, zuzenduko lioke Imanolek—, bere buruari emandako hitza bete du, eta gainera, funtzionario batekin ezkonduta dago. Edozeinek amestu dezakeena baino gehiago da. Egia da tronpeta jotzen duela baina inor ez da perfektoa.

Bakarkakoa amaitutakoan Imanol Maribirekin akordatu da. Irribarre egin dio Maribik ez duela ikusiko jakin arren. Oso zoriontsu da. Zorte ona ekartzen dio emakume zintzo bat ez du edozeinek aurkitzen, zintzoa eta saiatua. Egia da egun guztia liburu artean pasatzen duela baina okerragoa litzateke izeba Marisa bezala zeresana sortu nahiean ibiltzea. Etxeratzen denerako Maribi lanera joana izango da baina gosaria mahai gainean izando du eta egin gabeko ohea oraindik bero. Arratsaldean Maribik ikasi beharrik ez badu eta taldeak ondo merezitako atsedena hartzen badu pasiatzera gonbidatuko du emaztea. Oraindik ez dio esan orkestrarako egin dioten eskaintearena eta ez dio idatzita utzi nahi zer erabaki duen. Gauza serioez aurrez aurre hitzegitea komeni da eta biharko aukera aprobetxatzen ez badu badaki hitzegiteko beste parada bat izaten dutenerako joateko eguna gainera etorriko zaiola. Zorte pixka batekin lanean zor dioten jai eguna ere bihar bertan hartzea onartuko diote eta aspaldiko partez ohean txanda bera egiteko modua izango dute.

 

Arantxa Iturbe